Caja Madridek babestutako etorkinentzako ikastaroa bukatu da IMHn

2009/04/06 15:07:00 GMT+2
Durangoko Caja Madrideko bulegoko zuzendariak, Rafael Urbina jaunak, banatu dizkie diplomak IMHn bertan egindako ekitaldi batean.

15 etorkinez osatutako taldea urtarrilaren 19tik aritu da Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan (IMH) Caja Madridek diruz lagundutako Operatzaile-prestatzaile CNC tornuko ikastaroan. Hala ere, 7 lagunek prestakuntza utzi behar izan dute batez ere lan premiagatik.


Ikastaroan erabilitako metodologia POI izeneko proiektuetan oinarritutako ikaskuntza izan da, IMHko lanbide heziketa zikloetan erabiltzen den berbera, baina pertsona hauen berezitasunetara moldatuta. Honetaz gain, ikasleek fabrikazio mekanikoko hainbat enpresa bisitatu dituzte sektore industrialean lan egiteak suposatzen duena ikus zezaten.


Diplomen banaketa ekitaldian, IMHko zein Caja Madrideko ordezkariek krisi garaian lanpostu bat lortzeko norbere konpetentziak hobetzeak duen garrantzia azpimarratu zuten. Zentzu honetan, belaunaldi erreleboak enpresei behar berriak ekarriko dizkiela gogoratu zuten. Hortxe dute hain zuzen ere etorkinek euren tartea.


Horregatik ikastaroan ezarritako eskakizunak bete dituzten ikasleak Lan-Poltsara sartu dira eta IMHko Orientazio Zerbitzuarekin etengabeko harremana izango dute hemendik aurrera.

Inmigrazioa eta fabrikazio mekanikoari buruzko informazio gehiago www.inmigramek.com atarian.