Caixabank Dualiza: Jolas inklusiboak probatzen adinekoen egoitzan
Topaketan, IMHko erdi mailako Mekanizazioko ikasle eta irakasle talde batek eta MEKAko Gizarteratze Sozialeko ikasle eta irakasleek parte hartu dute.
Bi zentroetako ikasleek elkarlanean garatutako jolas inklusiboak egoitzako egoiliarrei aurkeztu dizkiete, eta goiza haiekin batera jolasten eta solasean eman dute.
Jardunaldi honek aukera eman du proiektuan zehar diseinatu eta hobetu diren jolasak benetako erabiltzaileekin probatzeko.
Egoiliarren parte-hartze aktiboari esker, ikasleek zuzenean ikusi ahal izan dute jolasen erabilgarritasuna, irisgarritasuna eta sortzen duten interesa, baita etorkizuneko hobekuntzak pentsatzeko ideiak ere.
Gainera, topaketak balio handiko esperientzia soziala eskaini die ikasleei. Belaunaldi ezberdinen arteko harremana sustatzeaz gain, inklusioaren, enpatiaren eta gizartearekiko konpromisoaren garrantziaz jabetzeko aukera izan dute.
“Jolasak kolektibo guztientzat” proiektuak lanbide-heziketa, berrikuntza teknologikoa eta gizartearekiko konpromisoa uztartzen ditu.
IMH LHIIk fabrikazio mekanikoan eta industria-teknologietan duen ezagutza jartzen du, eta MEKA LHIIk, berriz, diseinu inklusiboan eta gizarteratzean duen esperientzia.
Bestalde, Elgoibarko San Lazaro egoitzak funtsezko eginkizuna du proiektuan, egoiliarren beharrak eta iritzia prozesu osoan zehar txertatuz.
Hirugarren topaketa honek proiektuaren dimentsio soziala indartu du, eta jolas inklusiboek komunitatean izan dezaketen eragin positiboa agerian utzi du.