BIEMH 2014, makina erremintaren biurtekoa

2014/05/27 23:00:00 GMT+1
Ekainaren 2tik 7 arte 27 estatutako 1.314 enpresa elkartuko dira BECen; 800 makina aurkeztuko dituzte

Ekainaren 2an zabalduko dute Barakaldoko BECen 28. Biemh, makina-erremintarekin loturiko produktu eta zerbitzuen azoka. Gaur egun, makina-erremintaren industriak egiteko erabakigarria dauka ekonomiako sektore produktibo garrantzitsuenetan, eta fabrikazio prozesuen teknologian azken berrikuntzak eskaintzen ditu. Antxon Lopez AFMko presidenteak adierazi duenez, «ez dago industria modernorik makina-erremintarik gabe». Hala, 27 herrialdetako 1.314 enpresak parte hartuko dute, aurreko aldian baino %12 gehiagok.

Mari Carmen Gorostiza azokako zuzendariak azaldu duen moduan, 800 makina inguru izango dira, eta gehienak funtzionamenduan ikusteko aukera egongo da. Makinak hainbat sektoretan egongo dira banatuta: txirbil-harroketa bidezko makina-erreminta; osagarriak eta erremintak; deformazio bidezko makina-erreminta; bestelako makina eta ekipoak; CAD/CAM metrologia eta kalitate kontrola; osagai hidrauliko, pneumatiko eta elektronikoa; tailer eta enpresarako zerbitzuak; erabilera eta robotika eta oxiebaketa.

Azokak aukera emango du Espainiako Estatuko, Europako eta nazioarteko merkatuko beste produktu nabarmen batzuk ezagutzeko eta lankidetza akordioak sinatzeko. Hala, autogintza, aeronautika, trenbide, energia berriztagarri eta ekipo ondasunen sektoreekin loturiko milaka bisitari profesional joango dira BECera, eta enpresa erakusketarien %57 atzerritarrak izango dira. «Kanpoan bakarrik ez, etxean ere makina-erremintaren azokak Euskadin eragin ekonomiko zuzen-zuzena utziko du. Gure aurreikuspenen arabera, 30 milioi euroko diru kopurua mugituko du, eta zerga bilketan 4,5 milioiko itzulera izango du», adierazi du Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak.

Prestakuntza hitzaldiak

Berritasun gisa, jardunaldiak antolatuko dituzte azokan. Besteak beste, etorkizuneko teknologia, bilakaera eta ikuspegiak, negozio aukerak eta 3D inprimatzearen balioa izango dituzte aztergai. Topaketetan bi sektore nabarmenduko dira: fabrikazio atxikitzailea —hainbat materialetako osagaiak sortzean datza, 3D eredu batean oinarrituta— eta konpositeak —material konposatuak dira, eta, batez ere, aeronautikan, automobilgintzan, ingeniaritzan eta biomedikuntzan erabiltzen dira—. Horren bidez, enpresek eta zentro teknologikoek euren eskaintza aurkeztu eta esperientziak partekatuko dituzte.

Bestalde, Biemhek enpresen katalogo bat sortu du. Gida horretan, 1.600 produktu ageri dira, eta horiei buruzko informazioa, berritasunen xehetasunak eta multimedia materiala batzen da.


(Iturria: Ianire Renobales Barakaldo  www.berria.info)