Azpeitiko udalak eta IMH-k hitzarmena sinatu dute formakuntza indartzeko

2018/01/15 01:00:00 GMT+2
Azpeitiarrek makina erremintaren inguruan IMHk eskaintzen duen formakuntza aurreratua herrian bertan jasotzeko aukera izango dute.

Azpeitin bertan formazio eskaintza zabala eta profesionala eskaintzea da Azpeitiko Udalaren azken urteotako apustua. Urtarrilaren 12an sinatutako hitzarmenaren baitan, datozen lau urteetan ere Udalak eta IMHk ikastaroak eskainiko dituzte Azpeitian. Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez: "Jakitun gara gure herriaren ekonomiaren sekretua edo giltza industrian dagoela. Duela bi urte eskualdeko mapa industriala egin genuen, eta IMHk ere hartu zuen parte. Mapa hori egiterakoan gure eskualdean makina erremintak izugarrizko indarra zuela ikusi genuen, eta herritar arlo horretan lan egiteko prestatzeko helburuz egin dugu hitzarmena". Eskualdeko Lanbide Eskolak ematen dituen ikasketen osagarri den formazio eskaintza izango da eskainiko dena.

Ixaka Egurbide IMHko zuzendariak formazioa gizartearen garapenean ezinbestekoa dela azpimarratu nahi izan zuen: "Elgoibarren kokatuta gaude, IMHk han du egoitza baina urte luzeetako lotura dugu Azpeitiarekin: Ikasleak eta lankideak ditugu bertakoak, eta herriko hainbat enpresekin ere badugu harremana. Hitzarmen honen bidez gizarteari egin nahi diogun ekarpena bertatik bertara, herrian bertan egin dezakegu eta oso pozik gaude eta aukera oso ederra da guretzat".

Ikastaroen eskaintza datozen asteotan iragarriko dugu,eta otsailetik ekainera bitartean izango dira lehen ikastaroak.