Aurrez-aurre gure Lanbide Heziketako ikasleekin: Jon Arriola

2025/04/30 15:15:00 GMT+2
 
 
Jon Arriola elgoibartarra da, 20 urte ditu eta Mekatronika Industriala ikasten ari da IMH Campus Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan, goi mailako zikloko azken kurtsoan.
 
Gure ikasleak gertutik ezagutzeak aukera ematen digu haien gustuak, gomendioak eta ibilbideak ezagutzeko. Adibidez, Jonek txikitatik izan du argi tailer munduan lan egin nahi zuela. Lehenik eta behin, erdi mailako mantentze-lanetako zikloa egin zuen, eta ondoren mekatronikan murgildu da. IMHko ate irekietara joan, eta bisita egin bezain pronto ikasteko erabakia hartu zuen. Eta ez da damutu.
 
IMHko ikasketak eta esperientzia duala oso aberasgarriak izan zaizkio: hasieratik praktikak enpresetan egiteko aukera, eta urte honetan ikasketak oso praktikoak izan direla azpimarratzen du. Robotika, mekanika eta elektronikaren arloetan trebatu da, eta lagunartea zein irakasleekin harremana bikaina izan da. Nahiz eta Erasmusean parte hartu ez duen, etorkizunean kanpora lanera joatea gustatuko litzaioke.
 
Jon: "Datorren urtean IMH Campuseko Fabrikazio Aurreratuko Makina-Erremintako Proiektuak Puntuan Jartzea espezializazio zikloa egin nahi dut. Gustura ibili naiz hemen, eta mekanika, elektronika edo tailer mundua gustuko duen edonorentzat gomendatuko nuke. Hemen ikasitakoa benetan praktikan jartzen da, eta gauza berriak ikasten jarraitzeko aukera dago."
 
Hurrengo ikasturtean espezializazio teknikoan zure garapena jarraituko duzula jakinda, pozik gaude zure bidelagun izaten jarraituko dugulako!
 
Eskerrik asko Jon!
 
 
 
 

Ate irekiak: Maiatzak 14

Azteazkena
18:00etan
Izena eman: Esteka honetan.
 
Aurrematrikula: Maiatzak 5 -23
Informazio gehiago: Esteka honetan