#ABIAN Enplegu eta Lanbide Heziketa Azokak 70 lanpostu baino gehiago eskainiko ditu

2017/03/16 00:00:00 GMT+1
Lan bila bazabiltza Debegesaren webgunean –www.debegesa.eus – jaso dezakezu lan-eskaintza hauen guztien berri, eta bertan eman behar duzu izena martxoaren 20a baino lehen.

Martxoaren 29tik 31ra bitarte, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketa zentroek #ABIAN Debabarreneko III. Enplegu eta Lanbide Heziketa Azoka egingo dugu Eibarren, Armeria Eskolaren patioan. Egitasmoak SD Eibar Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuaren, Obra Social La Caixaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du. Halaber, eskualdeko bederatzi enpresek bat egin dute ekimenarekin: Danobat Group, IK4-Tekniker, Egile, EPC, Alcorta, Etxe-tar, Kirolbet, Urkotronik eta AGME.

Oraingoan #ABIAN Azokak lana bilatzen ari diren pertsonen eta lanposturen bat betetzeko beharrizana duten inguruko enpresen arteko topagune izan nahi du. Gainera, gure eskualdeko eskaintza formatiboa kalitatezko kualifikazio aukera gisa eta lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa ezagutzera ematea du helburu, baita langabezia egoeran dauden pertsonen prestakuntzarako aukera gisa ere.

Horretarako, Debegesak eskualdeko eta inguruko enpresen prospekzioa egin du, berehalakoan bete behar dituzten lanpostuak identifikatze aldera. Honela, dagoeneko 70 lanpostu baino gehiago eskaintzea lortu da. Lan bila dabiltzan pertsonek HEMEN jaso dezakete lan-eskaintza hauen guztien berri eta bertan eman ahal izango dute izena, martxoaren 20a baino lehen. Data horretatik aurrera, martxoaren 27ra bitarte, lehen hautaketa prozesua egingo da eta, azkenik, martxoaren 29an, 30ean eta 31an, ABIAN Azokan bertan, euren lantaldeak osatzeko profesional  bila dabiltzan enpresek egingo dituzte azken lan-elkarrizketak.

Enplegu eta Lanbide Heziketa azoka hau Debabarreneko Udalek, Debegesaren bitartez, eskualdean dugun langabezia egoerari aurre egiteko eta ekonomiaren sustapenerako abian jarritako egitasmo eta neurrien artean kokatzen da.