30+10 mintegia: enpresa eta hizkuntzen kudeaketa

2007/10/04 23:00:00 GMT+1
Hizkuntzaren ikuspegitik egun merkatuan dagoen praktika on, makina eta produktuen azalpena: IMH Elgoibar, urriak 25, 9:00etan.

JARDUNALDIAREN EGITARAUA..

INSKRIPZIOA...


Erakundeak sare linguistiko eleanitzak direla kontuan badugu, komunikazio-gaitasun egokiek erakundeei arrakasta izaten lagunduko die, barrura zein kanpora begira.

Euskadin, egoera soziolinguistikoa tarteko, hainbat enpresek izan dute gai horrekiko interesa, eta urteak daramatzate bide hori jorratzen berrikuntzarako bidean. Esperientzia horiek jaso, eta horren guztiaren gainean sakondu nahi duenak, aukera izango du urriaren 25ean, Elgoibarko IMHk antolatutako 30+10 Mintegira etorrita. Iazko 1.edizioko mintegiaren balorazio positiboaren ondoren, aurten hizkuntza-kudeaketari lotutako hausnarketak, praktika onak eta produktuei buruzko 23 hitzaldi emango dira bertan.

Jardunaldiaren Helburua

Jardunaldiaren helburua da sektorearen inguruan diharduten enpresei hurbildu eta ezagutarazi euskaraz garatutako praktika onak, zerbitzuak, makinak eta tresnak; egun merkatuak eskaintzen dituen aukerak ezagutu ditzaten.

Kolaboratzaileak

Mintegiaren kolaboratzaileak honakoak ditugu: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS), AFM-Makina Erremintaren Ekoizleen Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta AHIZE-AEK hizkuntza-aholkularitza.

Atalak:

  • Sarrera-ekitaldia, omenaldia eta enpresa eta hizkuntza kudeaketaen hiru ikuspegi (1)
  • Praktika onak (2)
  • Produktu eta zerbitzuak (3)
  • Amaiera-ekitaldia (4)

(1) Mintegiaren hasieran esker ona emango zaie lehen plan pilotuak abiatu zituzten zazpi enpresei: Arlan, Caf, Elay, Ikerlan, Ineko, Lurgintza eta Miba.

Horretaz gain, lehenengo atalean hiru adituk enpresaren irudia, nazioartekotzea eta berrikuntza aztertuko dituzte hizkuntza-kudeaketaren begietatik. Hizlariak: Pilar Kaltzada (Komunikazio aholkularia), Ibon Aizpurua (Eleka) eta Daniel Hermosilla (EHU-UPV irakaslea) izango dira.

(2) Bigarren atalean, bertako lau enpresek eta Kataluniako batek ezarritako hizkuntza-irizpideak aurkeztuko dizkigute, Debabarreneko udalek haien egitasmoaren berri emango digute, Bai Euskarari ziurtagiriari buruzko azalpenak jasoko ditugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasunak ematen duen zerbitzu eta garatu duen euskarari planari buruz arituko zaigu. Parte hartuko duten enpresak Aire Industrial (Katalunia), Elay, Lealde, Goizper eta Pasaiako Portuko Agintaritza izango dira.

(3) Hirugarren atalean, enpresentzako produktu eta zerbitzuak aurkeztuko dituzten hamabi erakunde izango ditugu. Enpresei eskaintzen dizkieten zerbitzuen berri emango dute Kutxak, Elkargik, Industy Language Services eta Di-dak. Softwareari dagokionez, HPSk IKT inbentarioa ekarriko du; Irontec enpresak, Sugar CRMa eta Strimingaren aukerak; eta Iñaki Larrañagak, OpenOffice.org ofimatika suitea. Arlo teknikoan ikusiko ditugu Mupem zenbakizko kontrol eleanitza, Fagor Automotionen WinDNC aplikazioa eta Danobaten eskuliburu teknikoa. Bestalde Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak Hizkuntzak Kudeatzeko Sistema enpresan ezartzeko ibilbidea aurkeztuko du. Horiekin batera, langile etorkinei egiten zaien harrera eta kulturaartekotasunaren gaiak landuko dituzte Gurutze Gorrikoek.

(4) Laugarren atala eta itxiera Makina Erremintaren Museoan egingo da.

IMHko misioa eta ildo estrategikoak

IMHk mintegia antolatu du 2004an hizkuntza politika lantzean definitu zuen misioarekin bat, hain zuzen, adostu zituen ildo estrategikoen haritik: enpresetara iritsi arte hizkuntza katea gordetzea bermatu, eta euskara teknikoaren erabilera sustatu formazioan eta zerbitzuetan barneratuz. Misioa lortzeko IMH kolaborazio sareak lantzen ari da, adibide dugu 2006an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin sinatutako lankidetza-protokoloa