Hemen zaude: Hasiera Albisteak Martxoaren 29tik 31ra #ABIAN Enplegu eta LANBIDE HEZIKETA Azokaren hirugarren edizioa egingo da Debabarrenean
Albisteak

Martxoaren 29tik 31ra #ABIAN Enplegu eta LANBIDE HEZIKETA Azokaren hirugarren edizioa egingo da Debabarrenean

2017/03/22
Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko LANBIDE HEZIKETAKO ikastetxeek antolatuta, modu aktiboan lan bila dabiltzanen, ikasleen, LH ikastetxeen eta enpresen arteko elkargune izan nahi du #ABIAN azokak.

Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko LHko ikastetxeek antolatuta (Armeria Eskola, IMH Makina Erremintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Mutrikuko Akuikultura Eskola eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxea), #ABIAN Debabarreneko III. Enplegu eta Lanbide Heziketa Azoka egingo da Eibarren, Armeria Eskolaren patioan, martxoaren 29tik 31ra bitarte. Helburu nagusia da eskualdean enplegua sustatzea eta elkargune bat sortzea modu aktiboan lan bila dabiltzanen, ikasleen, lanbide heziketako ikastetxeen eta enpresen artean.

Halaber, azokak eskualdeko eskaintza formatibo zabala eman nahi du ezagutzera, eta Lanbide Heziketa lan merkatuaren egungo beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea du helburu, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakutsi.

Zehazki, ikasleei eta lan bila dabiltzanei dago zuzenduta #ABIAN azoka, baina baita garapen profesionalerako Debabarrenean dauden aukerak ezagutu nahi dituen edonori ere.

Ekimenak babes handia jaso du erakunde zein enpleguarekin eta Debabarreneko gizartearekin konprometituta dauden entitate eta enpresen aldetik. Honela, #ABIAN azokak SD Eibar Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuaren, Obra Social "la Caixa"ren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du. Halaber, bederatzi dira ekimenarekin bat egin duten eskualdeko enpresak: Danobat Group, IK4-Tekniker, Egile, EPC, Alcorta, Etxe-Tar, Kirolbet, Urkotronik eta AGME,  Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko lotura zuzena eta kolaborazio sare estua agerian utziz.

Azokaren gaineko zehaztasun guztiak gaur eman dira ezagutzera, hilak 22, SD Eibarrek Ipuruan dituen instalazioetan egindako prentsaurrean. Bertan hitza hartu dute SD Eibarreko Presidenteak, Amaia Gorostizak, IMHren LHko zuzendariak, Imanol Iturriak, eta Debegesako zuzendari nagusiak, Juan Angel Balbasek. Azken honek eskerrak eman dizkie entitate eta enpresa kolaboratzaileei azokarekin bat egiteagatik, eta adierazi du "lehentasunezkoa da eskualdean langabezia egoeran daudenen lanerako aukerak handitzea, ahalik eta lasterren lanerau daitezen; besteak beste, LHko ikastetxeen eskaintza anitza dute".

#ABIAN azokaren interesgune nagusienetakoa enpleguari dagokiona da. Azokak, denera, 72 lanpostu eskaintzen ditu arlo ezberdinetan, Debegesak eskualdeko eta inguruko 361 enpresen prospekzioa egin eta gero. Lan bila dabiltzanek Debegesaren webgunean jaso dezakete lan-eskaintzen berri (www.debegesa.eus) eta bertan eman behar dute izena. Oraingoz, 220 curriculum jaso dira. Azoka aurreko egunetan lehen hautaketa prozesua egingo da eta, azkenik, martxoaren 29an, 30ean eta 31an, azokan bertan, talentu eta profesional bila dabiltzan enpresek lan-elkarrizketak egingo dituzte.

Debegesak bere tokia izango du azokan. Bertara hurbiltzen direnek, lan-eskaintzen berri jaso ahal izango dute, zalantzak argitu, ekintzailetzarekin loturiko informazioa eskatu edota aholkularitza jaso ahal izango dute. Halaber, LANBIDE ere presente egongo da azokan eta kudeatzen dituen lan-eskaintzen berri emango du.

 

Debabarreneko LH, enpresen beharrei etengabe egokitzen

Lanbide heziketari dagokionean, azokara hurbiltzen diren bisitariek eskualdeko eskaintza formatibo zabala eta eskaintzen diren titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. LHko ikastetxeek stand propioa izango dute, eta Erdi Mailako eta Goi Mailako espezialitate guztiak zuzenean erakutsiko dituzte.

Egun, Debabarrenean 45 bat ziklo formatibo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, eta 2.000 inguru ikasle daude matrikulatuta.

IMHren LHko zuzendariak, Imanol Iturriak, nabarmendu duenez, "gure Lanbide Heziketak erantzun dinamiko eta berritzailea eskaintzen die enpresei, ikasketetan metodologia berritzaileak ezarriz, hala nola, proiektuetan oinarritutako prestakuntza, eleaniztasuna (euskara, gaztelania, ingelesa), ekintzailetasun eta barne-ekintzailetasun ekimenak, eta prestakuntza Duala; azken honek enpresak sartzen ditu ikasleen prestakuntzaren prozesuan, eta ikasleentzat eredu erakargarria bihurtzen da laneratzea progresiboki eta modu zuzenean ahalbidetzen baitie".

 

Hitzaldiak, solasaldiak eta doako tailerrak

#ABIAN azokak hitzaldi, solasaldi eta doako tailerrak hartuko ditu ekintzailetza eta lan-bilaketa ardatz hartuta.

Asteazkenean, hilak 29, azokak goizez irekiko ditu ateak (10:00etatik 14:30era), eta 12:00etan irekiera ekitaldia egingo da. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak, Marcos Murok, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako zuzendariak, Antton Tomasenak. Ekitaldiaren ostean, hitzaldien txanda izango da. ADEGIko Ezagutzaren kudeaketa eta Prestakuntzako zuzendariak, Mikel Sarriegik, “Lanbide Heziketa eta Enpresa: Erronkak eta aukerak" hitzaldia eskainiko du. Jarraian, “Formazioa eta enplegua, zailtasun egoeran dauden pertsonen gizarteratzea lortzeko ardatz nagusiak” hitzaldia emango du Aitor Avila hezitzaileak eta Kalexka Elkarteko koordinatzaileak.

Bigarren egunean, ostegunez, azoka goizez eta arratsaldez egongo da zabalik (9:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:30era) eta, bereziki, ekintzaileei zuzenduta egongo da. Debegesak eta Daitekek autoenplegua sustatzeko eta ekintzailetza laguntzeko tailerrak eskainiko dituzte.

Hirugarren eta azken eguna (9:00etatik 14:30era) langabezia egoeran daudenei zuzenduta egongo da bereziki. 10:00etan, Debegesak Hazilan laneratze programaren hirugarren edizioa aurkezteko saio informatiboa eskainiko du. Egitasmo hau goi mailako ikasketak dituzten (unibertsitate titulua edo goi mailako prestakuntza zikloa) eta lana aurkitu ezinik dabiltzan 25 eta 44 urte arteko pertsonei dago zuzenduta. Hazilan programan eta laneratzea hobetzeko beste egitasmo batzuetan (“Zu zeu gidari” eta “Esperientzia: +45) parte hartu duten pertsonen esperientziak ezagutzeko aukera izango da.

Ostiralean beste bi saio egingo dira: "Ekintzailetza Lanbide Heziketan: esperientzia errealak” Tknikak eskainia, eta “Faktore emozionala lan bilaketan”, Akorderen eskutik.

Saio eta tailer hauek guztiak irekiak eta doakoak dira. Informazio gehiago: #ABIAN 2017.