Lanbide heziketa ezagutzeko Elgoibarko gazteentzako ekintzak

2019/03/20 00:00:00 GMT+1
Elgoibarko Udalak, IMH eta Meka Lanbide Eskolarekin batera Elgoibarko Lanbide Heziketaren eta Industriaren XI. Jardunaldiak antolatu ditu.

Martxoaren 20tik 22ra, Elgoibar Ikastolako eta Arreiturre Institutuko ikasleak bertatik bertara ezagutzen ari dira Elgoibarko IMH eta Mekako lanbide heziketako ikasleen eta Cometel enpresako langileen bizipenak.

Helburua da Elgoibarko Lanbide Heziketa eta industria ezagutzera eman eta sektore industrialak egungo gizartean duen garrantzia adieraztea.

Hortaz, martxoaren 20an, 21ean eta 22an Elgoibar Ikastolako eta Arreiturre Institutuko DBH 3ko ikasleek Elgoibarko IMH eta MEKA Lanbide Eskola bisitatzen dihardute. IMHk eta Mekak ikastetxeak erakutsi eta lanbide heziketako hainbat espezialitateetako ikasleek egiten dutena azalduko die bisitari gazteei.

Egun horietan bertan, Elgoibar Ikastolako eta Arreiturre Institutuko DBH 4ko ikasleek COMETEL enpresa bisitatzen dihardute, eta dinamika atsegin baten bidez, bertako gerentea, Sandra Montes, eta langileak elkarrizketatuko dituzte, industria arloko enpresa batek nola funtzionatzen duen ulertzeko.