Euskara ari du IMHn, zirimiriak blaituta

2015/12/22 01:00:00 GMT+2
Bikain hizkuntza kudeaketaren kalitate ziurtagiria eskuratu dugu, 2008ko lehen kanpo ebaluazioaren ondoren izandako bilakaera ziurtatuz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo Gasteizko Europa Jauregian. Ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak ere parte hartu zuten.

Guztira 65 enpresa eta entitate izan gara ziurtagiria jaso dugunak; 41ek goi-mailako urrezko BIKAIN egiaztatu dute; 20k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta 4k oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazio horiek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 158 kidek burutu ditugu.

IMHren kasuan BIKAIN kanpo ebaluazioan lortutako puntuazioa 600 eta 649 punturen artekoa izan da, hau da zilarrezko maila ertaina. 2008an egindako kanpo ebaluazioan 550-599 artekoa lortu zela kontuan hartuta, eta atzoko ekitaldian Urko Aristi eguraldiaren aurkezle ezagunak esan zuen bezala, esan dezakegu IMHn euskara ari duela, zirimiri eran, xuabe xuabe eta modu sarkorrean, horrela jarraituz gero blai eginda amaituko dugun helburuarekin.

IMHn 2003an abiatu genuen Euskararen erabilera sustatzeko plana eta Hizkuntzak Kudeatzeko Sistema 2005etik dugu ezarrita. Kanpo ebaluazioari esker urte hauetako ibilbidean egindakoa kanpoko ikuspegiarekin alderatu dugu eta orain badugu zer hobetu eta zeri eutsi! Kanpo ebaluazioa erreminta baliagarria eta erabilgarria izango zaigu, hurrengo urteetako helburuak finkatu eta lantzeko. Gure esker ona adierazi nahi diogu Kanpo ebaluazioan aritu zareten kideei, Bikain lantaldea osatzen duzuen guztiei eta Eusko Jaurlaritzari, kanpo ebaluazioa egiteko aukera eman izanagatik eta urte guzti hauetan formakuntza eta zerbitzuak eskatzen eta eskaintzen dizkiguzuen bezero eta hornitzaileei. Eta nola ez, esker ona eta adorea IMHko lankide guztiei, euskararen zirimirian jarraitu dezagun!

Bikain hizkuntza kudeaketaren kalitate ziurtagiria eskuratu dugu, 2008ko lehen kanpo ebaluazioaren ondoren izandako bilakaera ziurtatuz.