Estreinakoz defendatu da IMHn fabrikazio aurreratuaren eremuko doktoregai tesia, IMH eta UPV/EHUren elkarlanaren ondorioz

2017/02/08 01:00:00 GMT+2
Makina erremintaren testuinguruan landutako tesi honen aurkezpena zedarri garrantzitsua da IMHrentzat enpresekin diharduen jardueran.

IMHko lantegietan eta EHUko laborategietan garatu da otsailaren 3an IMHren areto nagusian epaimahaiaren aurrean defendatutako tesia. Tesiak "Diamantagailuaren Higaduraren Azterketa Esperimentala Artezketa Prozesuan" du izenburutzat eta euskaraz garatu du Elgoibarko Xabier Cearsolok.

Tesiaren lanketa UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolaren Mekanikako Sailaren zuzendaritzapean egin da. UPV/EHUko Doktorez osatutako epaimahai buruak zoriondu egin du IMH eta Doktore berria: "Elgoibarren, makina erremintaren bihotzean tesi industriala entzutea, benetan pozgarria da, eta ohore bat epaimahai buru egokitu izana". Aitzol Lamikiz epaimahaiburuak IMH eskertu eta zoriondu nahi izan du eremu honetan egiten duen lanagatik, UPV/EHUrekin urte askotako elkarlanagatik, tesia euskaraz egin izanagatik, arlo teknologikoarentzat ekarpen garrantzitsua izanik. Eta bereziki aipatu izan du tesiaren laburpena ere oso egokia eta irakurle orokorrarentzat ulerterraza izan dela.

Honez gero zortzi dira IMHren Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolan irakasle ari diren doktoreak, hurrengo ikasturtean beste hiru gehituko direlarik.