Iñaki Sanchez Dikarreko Kalitate Zuzendaria, 2014ko ikasle ohi aipagarria, Elgoibarko IMH Sarien 12. edizioan

2014/06/20 00:00:00 GMT+2
IMHko heziketa zikloetako 82 ikaslek jaso dituzte diplomak eta hauekin batera 12. edizioko IMH Sarien banaketa egin da.

IMHko HEZIKETA ZIKLOKO DIPLOMA ETA SARI BANAKETAREN ARGAZKIAK

IMHko heziketa zikloetako ikasleen diploma eta Sari banaketa ekitaldia ospatu genuen ekainaren 19an.

Ekitaldian ikasle, tutore, irakasle eta guraso eta enpresa babesleez gain Bittori Zabala Elgoibarko Udal Ogasun eta Berditasun zinegotziak, Joxean Egaña IMHko Zuzendariak eta Iñaki Sanchez IMHko ikasle ohi sarituek parte hartu zuten.

Goi-mailako 3 taldeek (Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, Fabrikazioa Mekanikoko Produkzioaren Programazioa eta Mekatronika Industriala) eta erdi mailako beste 3k (Mekanizazioa D eta A eta Mantenu elektromekanikoa), guztira, 82 ikaslek jaso dituzte diplomak.

Promozio honetatik %52k lanean jarraituko dute praktikak egin dituzten enpresetan eta %30k ikasten. Aurreko urteetako datuak kontuan hartzen baditugu, 2013an %41 lanean eta %28 ikasten, eta 2012an %25 lanean eta %40 ikasten, joera positiboa dela esan dezakegu, jakinik ikasketak amaitu eta sei hilabete ondoren laneratze datuak goranzko joera izaten dutela.

IMH SARIEN 12. EDIZIOA.

Edizio hau Hoffman Group eta Pixel Sistemas enpresa babesle eta beste 18 enpresa kolaboratzaileei esker antolatu ahal izan dugu.
Sarien atalean 4 banatu dira:

  • Ikasle ohi aipagarria Iñaki Sanchez Hernandez eibartarrari egokitu zaio. Egun Dikar enpresako Kalitate zuzendari eta Customer Service Sailaren arduraduna da. IMHn Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi zuen 1999-2000 eta 2000-2001 ikasturteetan. IMHko irudi oroigarria jaso du.
  • Aurtengo ikasle aipagarria Denis Fernandez Bello ermuarra izan da, 10etik 9ko batazbesteko espedientea izanik. Erdi-mailako Mekanizazioa ikasi du eta praktikak egin dituen enpresan jarraitzen du lanean (Mecánicas Mecal, Eibar). Saria  500 euroko ikasketa poltsa izan da.
  • Eredu Dualeko ikasle aipagarria Aitzol Gonzalez Salegi elgoibartarra da eta Goi-mailako Fabrikazio Mekanikoaren programazioa ikasi du. Eredu Duala egin duen enpresan jarraitzen du lanean (Tornillería Aras, Soraluze). Saria  500 euroko ikasketa poltsa izan da.
  • Azkenik Elgoibartar ikasle aipagarria Carlos Eduardo Llanos Pinto da, Denis bezala erdi-mailako Mekanizazioko ikaslea. Saria  enplegurako prestakuntza doan egiteko aukera izan da.