Elgoibarko Udalaren eta IMHren arteko hitzarmena euskararen erabilera sustatzeko

2015/05/10 23:00:00 GMT+1
2003tik euskara proiektuan egindako lanari esker IMHko prestakuntza eta zerbitzuak euskaraz jaso daitezke.

2015eko maiatzaren 11an, Elgoibarko Udal Pleno Aretoan IMHren goazen planaren 2014 urteko balantzea eta 2015eko helburuak aurkeztu dira, Udala eta IMHren arteko hitzarmen sinatzearekin batera. Ekitaldian parte hartu dute Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak, Ane Beitia, Udal Euskara Batzorde Buruak, Joxean Egaña, Makina Erremintaren Institutuko Zuzendariak eta Edurne Bilbao, IMHko hizkuntza koordinatzaileak.

2015ean Udalak eta IMHk sinatutako hitzarmenari esker Elgoibarko Udalak IMHri 2015erako 3.000 euro emango dizkio, Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko, non helburu nagusitzat dituen IMHn euskararen erabilera sustatzea eta Makina Erremintaren sektorean eragitea, euskararen erabilera sustatzeko urratsak emanaz (30+10 mintegia, enpresei eskainitako prestakuntza eta zerbitzuak euskaraz aregotzea, proiektuak euskaraz sustatzea...).

2014ko Memoriaren xehetasunak hemen ikus ditzakezu

IMHko arduradunek adierazi duten bezala, 2003tik hona euskara proiektuan egindako lanari esker euskararen presentzia IMHko prestakuntza eta zerbitzu guztietan nabaria da eta bermatuta dago, heziketa ziklo, ingeniaritza duala, prestakuntza iraunkorra, giza baliabideen aholkularitza eta ETEentzako berrikuntza zerbitzuen negozio unitatean besteak beste, bakoitza bere mailan.

Ahalegin hau erakundeen laguntza eta elkarlanari esker izan da, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hasieratik Elgoibarko Udalak urtero laguntzen baitu Goazen plana.

IMHk barne erabilera sustatzeaz gain, kanpora begira eragile lanak egiten ditu, enpresa zein erakundeekin elkarlanean traktore izateko eta hauetan euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ere.

2015 urte berezia da IMHrentzat, Fundazioaren sorreraren 25.urteurrena betetzen baitu eta euskararen aldetik 2005-2015 epealdia osatu baita. Epealdi baten amaieran eta berri baten hasieran aurkitzen gara, eboluzionatzen jarraitzeko aukera ikuskatuz.

Goazen planari buruzko informazioa

Goazen planaren datuak:

Zerbitzu orduek gora egin dute (%46): Asmaolan mantendu egin da ehuneko altua eta besteetan igo egin da, guztira 49.257 zerbitzu-ordu euskaraz.

Lan-hizkuntzari dagokionez, orokorrean ehuneko altuak dira (ahoz %62 eta idatziz %46) baita euskaldunen arteko erabileran %(73 ahoz eta idatziz %63). 2003ko erabileraren %32 urrun gelditu da, eta 2015erako aurreikusitako %65 gertu. Gogoratu behar da datu hau langileek emandako iritzietan oinarritzen dela, beraz balio absolutuak baino joerak hartzen ditugula kontuan.

Hezkuntza-enpresa arteko zubi-lanaren izaera biderkatzeko asmoarekin, IMHn enpresetan praktikak egiterakoan euskararen erabilera aztertzeko, aurreko bi urteetetan diagnostikoa  eta proiektuaren 1. faseari bigarren fasea gehitu diogu, Gipuzkoako 1.400 ikasleen galdetegiak ustiatuz, 30+10 mintegian gaiaren eragileen hausnarketa taldeak landuz eta azkenik datuen memoria eta hobetzeko proposamenen gida-orria argitaratuz.  Ondorioz Aldundiak diru-laguntzak zabaldu ditu 2015ean Gipuzkoako enpresentzat eta Jaurlaritzaren Lanbide Heziketa saila aztertzen ari da nola egin aurrera gaiarekin. Bestalde, Elgoibarko Udalaren laguntzei esker 2014an 3. enpresa bat gehitu da ikasleen praktikak euskaraz bideratu ahal izateko.

Bederatzigarren urtez antolatu dugu 30+10 Mintegia. Hizkuntza-kudeaketari buruzko topagune erreferentzial honetan, Lanbide Heziketako praktikak euskaraz bideratzeko datuen partekatzea eta hausnarketa saioak  egin ziren lehen atalean eta bigarrenean enpresen praktika onak eta zerbitzuak euskaraz.

Gure balaztak ere izan ditugu: Enpresei egiten diegun euskarazko prestakuntza teknikoaren eskaripeko eskaintzaren emaitza anekdotikoa izaten jarraitzen du eta tailerreko baliabideen erabilera euskaraz izateko zailtasunak.

 

2015eko helburu nagusia:

  • Bikain 2015 kanpo ebaluazioa prestatu, IMHren 25 urteurreneko estrategiarekin lerrokatu (fabrikazio mekanikoaren erreferentzia izan, industria eta gizartea dinamizatuz).

 

Helburu zehatzak:

  • Erakundetzea: Hizkuntzen-Kudeatzeko Sistema hezkuntza-zerbitzuetan zabaldu (zikloak, ingeniaritza, okupazionala) eta lankideekin sozializatu.
  • Erabilera: Euskara-tratuen kanpainak eta jarraipena
  • Ezagutza: Berariazko prestakuntza euskaraz egiteko urratsak
  • Motibazioa: Euskararen egun berezia, IMH25 urte.
  • Komunikazioa: 30+10 Mintegiaren 10. edizioa. Goazen mezuak

 

GOAZEN PLANAREN KRONOGRAMA 2003-2013:

  • 2003. Euskara sustatzeko plana proiektu bezala proposatu hizkuntza aholkularitzarekin (Ahize-AEK) eta Zuzendaritzak onartu
  • 2004. IMHko kudeaketa planean txertatu Goazen euskara proiektuko helburuak (prozesu guztietan eta helburu nagusietan).
  • 2004. Hitzarmena sinatu Elgoibarko Udalarekin.
  • 2004. Iraunkorreko eta Hasierako irakasleak ikastaroak emateko euskaraz trebatu. (aurrez euskara ikasteko irizpideak ezarri eta onartu).
  • 2004. Ezagutzaren Klusterreko Euskara bilgunean parte hartu eta IMH kasua azaldu
  • 2004. Bat aldizkarian Goazen abiatzeari buruzko artikulua.
  • 2005. IMHko Hizkuntza politikari buruzko gogoeta kanpo-barruko eragileekin.
  • 2005. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harreman sendotzea: lehen diru laguntza.
  • 2005. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak dekretua egokitu eta Fundazioentzat lehen laguntzetan sartu.
  • 2005. Ulibarri programan sartu eta ikasle baten liberazioa (asteko 6 ordu)
  • 2005. Enpresei lehen galdetegi orokorra, iraunkorreko ikastaroak euskaraz jasotzeko interesa ezagutzeko.
  • 2005. Worfast ikastaroa, itzulpen memoriak eta glosategi teknikoa eratzeko abiatu.
  • 2005. Lankideen arteko ahozkolore (mintza-laguna)
  • 2005. Bat aldizkarian Goazeni buruzko 2. artikulua (planaren ezarpenari buruz)
  • 2005. Hizkuntzen Kudeaketa Sistema sortzeko lehen urratsak.
  • 2005. Ingeniaritza Eskolan eskolak euskaraz abiatzeko lehen urratsak, 2. adarra sortzeko.
  • 2006. Hizkuntza Politika zuzendaritzak onartu.
  • 2006. Makinak euskaraz (Fagor cnc-en interfaza, makinen eskuliburuak, kanpoko txartelak.)
  • 2006. Garatuko (7tik) 3 ikastaro euskaraz
  • 2006. Incress: diagnostikoak euskaraz egiten hasi
  • 2006. IMHk HPSrekin protokoloa sinatu.
  • 2006. Lehen 30+10 mintegia
  • 2007. Hizkuntza Politika berria (IMHko orokorrean uztartuta)
  • 2007. Hizkuntzen Kudeaketa Sistema osatu, onartu
  • 2007. Bikain pilotuan parte hartzaile
  • 2007. Eskaripeko (LHI) lehen ikastaroa euskaraz
  • 2008. Bikain zilarra
  • 2008. Katalogoko (LHI) lehen ikastaroa euskaraz
  • 2008. Hizkuntzen Kudeaketa Sistema lankideei aurkeztu
  • 2008. Goazen azpi-proiektuak garatu: merkatu azterketa (GFA, EHU) eta erakundeen eraldaketa EGB-IVO (EHU) abiatu. 160 enpresen proiektuko lehen urratsak.
  • 2009. Katalogoko LHI 2 ikastaro euskaraz
  • 2009. Soliolinguistika Klusterrak 2008ko 2 kasu argitaratu ditu: IMH eta Bergarako Udala
  • 2009. IMH-Udalaren hitzarmen-berritzea
  • 2009. Goazen 5 urteko emaitzak jasotzen dituen bideoaren aurkezpena.
  • 2009. UEUko udako ikastaroetan IMHren kasuaren aurkezpena.
  • 2009. Ziurtagiria Elkarteak Bai Euskarari Sariko lehen edizioan IMH saritu du Jez-ekin batera, bost urtetan euskararen erabilera normaltzeko egindako ibilbideagatik.
  • 2010. Lanbide Heziketa Iraunkorra euskaraz kanpaina.
  • 2010. Lanabesa Sariak ekintzailetasuna eta euskararen erabilera sustatzeagatik.
  • 2011. HPS-IMHren arteko elkarlan hitzarmena sinatu
  • 2011. IMH-Udalaren hitzarmen-berritzea
  • 2011. 30+10 mintegiko 6. edizioa.
  • 2012. IMH-Udalaren hitzarmen-berritzea
  • 2012. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin euskaraz lanean jarduteko konpromisoa
  • 2012. 30+10 mintegiko 7. edizioa.
  • 2012. Enpresarean Euskarazko produktu eta zerbitzuetarako azokaren 1. edizioan parte hartzaile.
  • 2012. Lantokiko Prestakuntzan diharduten Hasierako Lanbide Heziketako ikasleei diagnostikoa.
  • 2012. Bikain barne ebaluazioan 700 puntu gaindituta.
  • 2013. IMH-Udalaren hitzarmen-berritzea
  • 2013. Korrika Gaztea
  • 2013. Kontseiluko Euskara lan mundura jardunaldiko partaide (enpresa traktoreak).
  • 2013. 30+10 mintegiaren 8. edizioa
  • 2013. Gehitu proiektuak. LP-FCT Gipuzkoako diagnostikoa 20 ikastetxerekin /Elgoibarren 3 enpresarekin
  • 2013. IMHko LHI euskaraz hausnarketa HPSrentzat
  • 2014. IMH-Udalaren hitzarmen-berritzea
  • 2014. IMH, Ahize, Laneki: Gehitu proiektuaren 2. fasea, 40 ikastetxe eta gizarteko eragileekin.
  • 2014. 30+10 mintegiaren 9. edizioa
  • 2014. Kontseiluko Euskara lan mundura jardunaldiko partaide (enpresa traktoreak).
  • 2014. IMH.eus